top of page

Prentsaurrekoa Energia Berriztagarrien LPSaren onarpenaren aurrean

Onartu berri den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurrean Euskal Herria Bizirik saretik honakoa adierazi nahi dugu:


Onartezina da herriaren ordezkari moduan lan egin beharko zenuten politikari profesionalok, beste behin, enpresen interesak lehenetsi izana energia bezalako arlo garrantzitsu batean. Horren erakusle da onartu berri duzuen Lurralde Plan Sektoriala, bertako herritarron arteko adostasunean oinarrituriko lurralde plangintza bat egin beharrean Europatik etorritako aginduei men egin baitiezue. Astakeria hau aurrera eramateko egun bizi dugun hondamendi klimatikoa hartu duzue aitzakia moduan, baina argi izan behar dugu plangintza hau egun dugun larrialdi ekologikoari bere osotasunean aurre egiteko denbora eta baliabide xahuketa izugarria dela.


Onartu berri duzuen Lurralde Plan Sektorialak, enpresek makroproiektuak ezartzeko erraztasun gehiago izatearekin batera, lurraldearen suntsiketa eta herritarron bizi kalitatearen galera dakartza. Ondorio larri hauen aurrean, onartezina deritzogu dimentsio honetako lurraldea antolatzeko plan bat aurkakotasun garbiko giro sozial honetan onartu izana. Horren adierazle da duela bi hilabete Gasteizen burutu zen makroproiektuen aurkako manifestazio jendetsua.


Hau ez da “berriztagarrien” zabalpena xede duen lehen ekimena gurean, azken urteotan Nafarroan gertatutakoa adibide garbia bezain kezkagarria dugu. Dimentsio honetako “berriztagarrien” zabalpenak berekin dakarren lurraldearen suntsiketaz gain, ez dira egindako promesak bete; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak, Nafarroako hidrokarburoen kontsumoak gora egin du eta honekin batera CO2 isuriak, honi zaharkituak gelditzear dauden zenbait zentral eolikoren arazoa gehitu behar diogu, ez baitago argi zein izango den emango zaien aterabidea. Beraz argi dago aldaketa klimatikoari konponbide bat ematetik eta ongi izate sozialerako aurrera pausu izatetik oso urrun gelditu dela Nafarroako lurralde plangintza.


Honetaz guztiaz jakitun onartu da egungo Lurralde Plan Sektoriala. Honek argi erakusten du plan hau onartu berri duten partidu politikoen asmoa zein den, makro mailako “berriztagarrien” zabalpen bizkor eta masiboa emateko baldintzak ezartzea. Plan hau egun bizi dugun krisi ekonomikoarekin zuzenki loturik dago, eta zailtasun ekonomiko hauei aterabidea emateko saiakera moduan ulertu behar dugu makroproiektuen inposaketa hau. Egungo eredu ekonomiko kapitalistaren gaindipena ezinbestekoa dela deritzogu, modu honetan soilik lortuko baitugu egungo larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzea.


Honengatik guztiagatik, pasa den azaroaren 28an Hernanin iragarri genuen bezela, datorren martxoaren 22an manifestazio nazionala burutuko dugu Gasteizen, eta bertan parte hartzera dei egiten dugu berriz, Lurralde Plan Sektoriala bertan behera uztea exijitu eta egungo eredu ekonomikoaren gaindipenaren beharra aldarrikatzeko, besteak beste.

2024/12/23
bottom of page