top of page

Manifestazio nazionala martxoaren 22an

Gaur, EH Biziriketik martxoaren 22an burutuko dugun manifestazio nazionalaren berri emateko bildu gara Hernanin, eta honekin batera manifestazio hau egitera bultzatu gaituzten arrazoiak zein diren azalduko ditugu.


Bildu garen lekua adibide ezin hobea da, enpresa eta instituzio politiko nagusietatik aurrera eraman nahi duten astakeriaren dimentsioa ikustarazteko. Repsolek urumeako mendietan Euskal Herriko poligono eolikorik handiena ezarri nahi du. Handiena izangatik ordea, izan duen ibilbidea orain arte ikusi ditugun gainontzeko beste proiektuen berdina da. Enpresen mesedetan altxatzen saiatuko diren beste proiektu bat gehiago, instituzio nagusien kolaborazioarekin. Honen aurrean herritarrak antolatzen hasiak dira jada, eta hortxe ireki da erraldoi hauei aurre egin ahal izateko bidea.


EH Bizirik makroproiektuen aurka antolatu garen plataformen elkargunea dugu, indarrak batu eta gure ahotsa ozenago entzutea ahalbidetzen digun sarea. Hori dela eta lekuan lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditugu jomugan.


Hauek dira gure aldarrikapen nagusiak:

  • Alde batetik, Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru partidez aprobetxatu nahi duten enpresari handiak seinalatu nahi ditugu, Repsol kasu. Hauek zuzenean edo zeharka makroproiektu hauek aurrera atera nahian ari baitira.

  • Bestalde ezinbestekoa deritzogu, Europatik hasi eta Frantzia, Espainia, Nafoarroa eta EAEko instituzio nagusiak jokatzen ari diren papera seinalatzea. Hauek baitira azken finean, herritarron ongi izatearen aurretik enpresen irabaziak jartzen ari direnak.

  • Horren adibide garbia da onartzear dagoen LPS berria. Herritarron iritzia kontuan hartu gabe aurrera ateratzear dagoena lurralde antolamendua dugu hau. EH Biziriketik bertan behera uztea exijitzen dugu.

  • Horrez gain, kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoari aterabide bat eman beharra aldarrikatzen dugu. Horretarako ezinbestekoa deritzogu gaur egungo eredu ekonomikoaren gaindipena ematea.

  • Azkenik, ez ditugu ahaztuko Aroztegiko herri-lurrak enpresa eraikitzaile baten atzaparretatik defendatu zituzten 7 auzipetuak. Gaur, 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu diete, talde kriminalaren akusaziopean. Lurraldearen defentsa ezin da kriminalizatu, eta gure herrietako bizitzaren defentsarako borroketan aurrekari kritikoa sor dezakeen zentzugabekeria horri aurre egin behar diogu. Gure elkartasun osoa dute, eta, ondorioz, haien alde antolatzen diren salaketa-ekintza guztietarako deia egiten dugu.


Honegatik guztiagatik martxoaren 22an burutuko dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, indarrak batuz soilik lortuko baitugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea.

2024/11/28
bottom of page