Manifestazio nazionala apirilaren 13an
- EH Bizirik
- Jan 18, 2024
- 1 min read
Egun bizi dugun natur ingurumenaren suntsipenak ez du etenik, eta gaur egungo eredu ekonomikoa da horren arrazoi nagusia. Ez da berria, hazkuntza ekonomikoaren izenean enpresa pribatu naiz publikoak ematen ari diren natur guneen ustiaketa basatia. Eta norabide berdinean datoz inposatu nahi dizkiguten berriztagarrien makroproiektu guztiak.
Europako instituzioetatik bideratutako “ Next Generation” funtsen bitartez bultzatu nahi den hazkuntza ekonomikoaren parte dira inposatu nahi dizkiguten berriztagarrien proiektuak. Norabide horretan, Europako instituzioetatik abiatu eta Espainiar estatuko, naiz Euskal Herriko ordezkari politiko guztiek bat egin dute “kapitalismo berdearen” apustuarekin, hazkuntza ekonomikoa lehenetsiz, ingurune naturala babesteko neurriak hartu beharrean.
Egoeraren larritasunaz jabeturik, Euskal Herria Bizirik-ek sare izaera hartzea erabaki du, hau da, ingurumenaren babesa bermatzea helburu duen sare bat sortu dugu, eta bertan euskal herriko proiektu txikitzaileen aurrean antolatuta gauden norbanako eta taldeak elkartu gara. Egungo urgentzia klimatikoa kontuan harturik, ulertezina da enpresa eta instituzioen eskutik martxan jarri duten “aterabidea” eta ondorioz behar duen neurriko erantzun soziala emateko elkartu gara.
Urgentzia klimatikoari buruz ari garenean, biodibertsitatearen galerari buruz ari gara, ingurumen naturalen suntsipenari buruz, lurren suntsipena, uren kutsadura. Finean ezagutzen dugun ingurumen naturalen desagerpenaz ari gara, gizakiaren bizi iraupena bera zalantzan jarriz.
Arazo larri honi aurre egiteko, proiektu hauen aurka borrokatzea ezinbesteko dela deritzogu. Lekuan lekuko inposaketei aurre egiteaz gain, indarrak batu eta arduradun politiko naiz enpresek argi ikus dezaten, hemen euskal herrian ez ditugula horrelako makroproiektuak onartzen. Horretarako Apirilaren 13an MANIFESTAZIO NAZIONALA burutuko dugu Azpeitian. Manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu makro proiektu hauen aurka zaudeten guztioi, indarrak batuta soilik lortuko baitugu proiektu hauek geldiaraztea.
Lurraren defentsan, makroproiekturik ez!!