top of page

"Lurraren Defentsan Euskal Herria Bizirik" atxikimendua

Lurraldearen defentsan lanean ari garen Euskal Herriko hainbat mugimenduk eta  plataformak gure indarrak batu ditugu natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makro  proiektuen inposaketari aurre egiteko. Borroka hau aurrera eramateko Lurraren Defentsan,  Euskal Herria Bizirik Sarea sortu dugu.


Idatzi honen bitartez APIRILAREN 13an Azpeitian burutuko dugun manifestazio  nazionalerako gonbidapena luzatu nahi dizugu.


Hauek dira manifestazio nazional honen aldarrikapen nagusiak:


  • Instituzioak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak salatzea. Europatik abiatuta, Espainiar eta Frantziar estatuak, Hego Euskal Herrian agintzen  duten EAEko eta Nafarroako gobernuek, guztiek bere egin dute klima larrialdiari  aurre egiteko kapitalismo berdearen apustua. Horren ondorio dira esaterako, onartu  berri duten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea, edota  onartze bidean den Energía Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala EAE  mailan. 4/2022 Foru Legea, Martxoaren 22koa, Klima-Aldaketari eta Energia Trantsizioari Buruzkoa Nafarroan. Loi Relative à l`Accélération de la  Production d´Energies Renouvables Ipar Euskal Herrian.


Momentu honetan onartzear den EAEko Lurralde plan sektorialaren onarpena gelditu  dezatela exijitzea garrantzitsua deritzogu, horrek berriztagarrien zabalpen masiboa  eman ahal izateko baldintzak sortzea baitu helburu. Argi esan beharra dago  estrategia honek ez duela bizi dugun urgentzia ekologikoa gainditzea helburu, gutxi  batzuen interes ekonomikoak defendatzea baizik.


  • Larrialdi ekologikoaren aurrean natur baliabideen suntsiketa sistematikoa  salatzea. Gero eta nabarmenagoak dira azken hamarkadetan ematen ari den  naturguneen suntsiketa sistematikoaren ondorio ekologiko eta sozialak. Zer esanik  ez suntsiketa honek duen eragin zuzena elikagaien ekoizpenean, lurrak  industrializatzean elikagaiak ekoizten jarraitu ahal izateko aukera galtzen baita lur  hauetan. Bizi dugun urgentzia ekologikoaren aurrean beharrezko neurriak hartzea  ezinbestekoa dela deritzogu. 9 muga biofisikoetatik 6 gainditu ditugula jakinda, eta  egun ezagutzen dugun egonkortasun ekologikoa zalantzan izanik, natur  ingurunearekin harremantzeko modua oinarritik aldatzearen beharra aldarrikatu nahi  dugu. Muga biofisiko horien artean biodibertsitatearen galerari atentzio berezia  jartzea merezi duela uste dugu, hau baita gehien gainditu duguna. Guk lurraren  defentsarako hautua egin dugu, bizitzaren oinarri dena. Norabide horretan  ezinbestekoa da inposatu nahi dizkiguten makro proiektuei ezezko borobila ematea,  makro proiekturik ez!!


  • Eredu ekonomikoaren ondorioz bizi dugun hondamendi ekologiko eta soziala  salatzea. Gutxi batzuen eskuetan aberastasuna metatzea helburu duen eredu  ekonomikoak, kapitalismoak, natur baliabideak modu masiboan ustiatzea eragin du.  Honek ondorio ekologiko eta sozial oso larriak ekarri ditu, munduko biztanleriaren  zati handi bat pobrezia egoeran izatetik, inoiz izan den ingurunearen eraldaketa  handi eta bizkorrena ezagutzeraino. Horren adierazle da klima larrialdiaren  aitzakiapean negozioa egin beste asmorik ez duten enpresa eta instituzioen jokaera.  Hazkunde ekonomikoa helburu, klima larrialdian aurkitu dute kapital akumulazioaren  dinamikari bultzada garrantzitsu bat eman ahal izateko aukera, herritarron oinarrizko bizi baliabideen pobretzea ematen den bitartea, osasungintza kasu. Gizarte eredu hau oinarritik aldatzea proposatzen dugu, ekosistemen babesa, kontsumoaren eraldaketa eta ongi izate soziala lehenesten dituen eredua aldarrikatuz.


Manifestaziora atxikitu nahi baduzu, idatzi helbide honetara  komunikazioaehbizirik@gmail.com edo jarri harremanetan Euskal Herria Bizirik taldeko kide  batekin.


LURRAREN DEFENTSAN

EUSKAL HERRIA BIZIRIK


2024/02/07
bottom of page