Lurraren defentsan
- EH Bizirik
- 2 mar 2024
- 3 Min. de lectura
Actualizado: hace 4 días
Aritz Otxandiano EHBilduko militante eta Mondragon taldeko goi karguak, orain dela bi aste egunkari honetan bertan idatzi zuen artikuluari erantzutera gatoz gaurkoan. Azkenaldian Aritz Otxandiano EH Biluduren interes politikoak eta Mondragon taldearen interes ekonomikoak defendatzen ari da publikoki, biak hertsiki lotuak elkarri. Testua Euskal Herria Biziriken jardunari zilegitasuna kentzeko saiakera gisa ulertu dugu, eta ondorioz Otxandianoren hitzei erantzutea beharrezkoa ikusi dugu.
Esanguratsua da, gisa honetako pertsonaia ezagun eta goi kargudun batek Euskal Herria Bizirik bezalako iniziatiba sozialeko eragile bati dimentsio honetako erasoa egin izana. Honek EHBizirikek egungo panorama soziopolitikoan duen garrantzia onartzeaz gain, EHBildu eta Kreanek mahai gaineratu duten proposamen ekologikoaren fartsari aurre egiten saiatzen dena isilarazten edo, gutxienez, sinesgarritasuna kentzen saiatuko direla argi utzi digu EHBilduko militante den Aritz Otxandianok. Bestalde, oso esanguratsua da eta gaiaren konplexutasuna agerian uzten du, EHBildu barnean ikusi ditugun desadostasunak, Aramaiokoa kasu.
Energia berriztagarrien zabalpen masibo hau eman ezean dugun etorkizun ilunarekin, kapitalismo grisarekin, mehatxu egiten digu. Egungo egoera ekologikoari aurre egiteko beste aterabiderik ez balego moduan. Berriztagarrien zabalpen masibo honek kalte handiak eragingo ditu ekosisteman. Hemen adibide bat.
Eoliko bakar baten zimendatzea egin ahal izateko datuak dira honakoak:
3000 m3 ko zulo bat egin beharra dago, hau da igerileku olinpiko baten neurriko zuloa.
800 m3 hormigoi erabiliko dira.
75 tona altzairu.
Eolikoa bakar batek:
170 m2ko azalera hartuko du palekin, 22.000m2ko “Area de barrido” sortuz.
1GW ko energia sortu ahal izateko 5 MWko 200 dorre ezartzeko behar den mineral kopurua honakoa da:
160.000 tona altzairu.
2000 tona kobre.
780 tona aluminio.
110 tona nikel.
85 tona neomidio.
7 tona disprosio.
Otxandiano horretaz jakitun da, eta naiz eta desazkundeaz eta eredu post-kapitalistaz hitz egin, gutxi batzuen irabazi ekonomikoak lehenesten dituen eredu ekonomikoren aldeko apustua egin du. Europan berriztagarrien aldeko apustua egiten da, munduko herrialde askotako aztarna ekologikoa handitzearen trukean.
Bestalde, ez omen du ulertzen energia berriztagarrien zabalpenak nola baldintza dezakeen nekazaritza eta abeltzaintza. Lasai, guk azalduko dugu. Egun mahai gainean dauden proiektu guztiak ikusiz gero, argi dago berriztagarriek okupatuko duten lur azalera oso handia dela, hektarea askori buruz ari gara hizketan. Alde batetik, lur hauetan berriztagarriak ezartzerako orduan lur mugimendu oso handiak egiten dira, honek zuzenean lurrek elikagaiak ekoizteko duten gaitasuna murriztea dakar. Bestetik, azpiegitura erraldoi hauek ezartzen diren leku askotan (Plaka fotovoltaikoak doazen leku guzietan) ezinezkoa da lur eremu hauetan elikagaiak ekoiztea. Azpiegitura erraldoi hauei elektrizitatea gorde eta garraiatzeko azpiegiturak gehitu behar zaizkie, eta jakina hauek ere lurra edo itsasoa behar dute. Eraikitzen ari diren Gueñes Itsaso, 400.000 voltioko autopista elektrikoa edota eraiki nahi dituzten Gatika-Frantzia eta Forestaliakoa ditugu horren adibide. Beraz, nahiko erraz ondoriozta dezakegu, berriztagarrien zabalpen masibo honek nekazaritza eta abeltzaintzan izango duen eragina gutxienez, esanguratsua izango dela.
Otxandianok balizko trantsizio klimatiko gisa izendatzen duenaz ere badago zer esanik. Energia iturri fosilak ordezkatzeari buruz ari da behin eta berriz, eta jakina denok ados gaude honetan, baina egiten duen proposamenarekin ez. Egungo larritasun ekologikoa neurtzeko erabiltzen den metodologia ezagunenak, 9 muga biofisiko hartzen ditu kontuan, hauetako bakar bat gainditzeak egun ezagutzen dugun oreka ekologikoa apurtzeko arrisku erreala dakarrela diote adituek. Iturri berdinen arabera 6 gainditu omen ditugu jada. Hau jakinda, Otxandiano eta konpainiaren proposamenak klima larrialdiari erantzuteko pretentsioa du soilik, hau da, 6 puntutik bakar bati erantzuteko ahalegina da, berau aurrera eraman ahal izateko egin behar den mineral eta material ezberdinen erauzketak, ekoizpenak etab. luzeak, beste puntu guztietan arazoa handitzea dakarren bitartean.
Baina proposamenaren antzutasuna ez da horretara mugatzen. Proposamen hau aurrera eraman ahal izateko egungo energia kontsumoaren elektrifikazioa ezinbesteko baldintza da, eta hau, gaur gaurkoz, ez da posible. Garraioa, elikagaien ekoizpena eta minen ustiaketa bezalako ekintzak (horren beharrezkoak elektrifikaziorako) elektrifikatzeko teknologien zabalpena eman ahal izateko baldintzarik ez dago gaur egun. Jada asmatu direnen funtzionalitatea ere ez dago frogatua eskala handian. Aipaturiko jarduera hauek egungo energia kontsumoaren zati handienaren arduradunak dira, beraz kontuan hartu beharreko esparruak ditugu dimentsio honetako proposamena egiterako orduan. Otxandianok defendatzen duen proposamenak, egungo energia kontsumoaren %30 elektrifikatzeko asmoa erakutsi du, momentuz %20ra iritsi gara. Hau kontsumitzen den energiaren zati bat bakarrik izateaz gain, proposamen honek 25-30 urteko bizi iraupena duela azpimarratzea garrantzitsua da. Hau baita proposatzen dituzten eoliko handien biziraupena. Denbora tarte hau oso txikia da ekologikoki dugun arazoari erreparatzen badiogu, beraz proposatzen duen trantsizio klimatikoak gutxi du trantsiziotik.
Hau guztia ikusirik, argi dago, hazkuntza ekonomikoa alde batera uztearen beharra ezinbestekoa dela, jada gainditu ditugun 6 muga biofisikoei erreparatuz konponbidea aurkitu nahi badugu behintzat. Hazkuntza ekonomikoa alde batera uzteak ez du esan nahi gure oinarrizko beharrizanak asetzeari muzin egin behar diogunik, are gehiago, hazkuntza ekonomikoa gelditzea egun ekoizten dugun aberastasuna, boteredunen esku gutxi horietatik kendu eta sozializatzetik hasten da, ondoren ingurune naturalarekin harremantzeko modurik egokiena aurkitzeko baliabide politiko eta materialak eskuratuz. Beraz, Otxandiano, irrazionaltasunetik urrun, errealitatearen ahalik eta elementu gehien kontuan harturik ari gara lanean. Ez dugulako ez kapitalismo berde eta ez kapitalismo grisik nahi, honen gaindipena baizik.
Hazkunde ekonomikoa helburu duen eredu honen aurrean, Euskal Herria Biziriketik, ingurune naturalaren defentsa lehenesten dugu. Apustu honi indarra emateko, animatu Apirilaren 13an egingo dugun manifestazio nazionalean parte hartzera.