Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra
- EH Bizirik
- Mar 25, 2024
- 4 min read
Updated: 4 days ago
EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean ezkutatzen den eredu ekonomikoa. Hazkunde ekonomikoa ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan –kapitalismoan, alegia–, ongizate ekologiko eta sozialik ezin baita lortu. Artikulu honetan, EAEko instituzio eta berriztagarrien enpresa multinazionalen jardunaren nolakotasuna datu zehatzekin azaltzen saiatuko gara, argi gelditu dadin instituzio eta berriztagarri enpresen interesa, funtsean bera dela: hazkunde ekonomikoa.
Alde batetik, urtarrilaren erdialdean Arantxa Tapia sailburuak iragarri zuen EAEn 15 parke eolikoren esleipenak tramitatzen ari zirela, nahiz eta oraindik lurralde plan sektoriala (LPS, gaztelerazko PTS) onartu gabe izan. Ez zuen esan ordea, LPS horren diseinuari dagozkion hainbat kontratu Saitec enpresari esleitu zizkiotenik. Kontratu horietako batean, esaterako, 168.000 euro eman zizkieten, bigarren kontratu batean 141.570 euro eta hirugarren kontratu batean 7.400 euro. Garrantzitsua da azpimarratzea Saitec, bere filiala den Itsas Wind-en bitartez, Armintzan itsas parke eoliko handi baten sustatzailea dela. Beraz, energia berriztagarrien zabalpen masiboaren bitartez negozioa egiteaz gain, EAEko lurralde plan sektorialaren diseinuaren parte izan da. Negozio borobila Saitec enpresarentzat.
Bestalde, esanguratsua da Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Iberdrola eta Repsoleko aholkulariek gidatuta, esku pribatuen interesetarako egiten ari den lan guztia. Horren adibide dira EEE eta Iberdrolaren parte hartzearekin Aixeindar operadorea aurrera eramaten ari den proiektuak, hala nola, Labrazakoa eta Azazetakoa. Edota EEE eta Solariaren artean bultzatzen ari diren Vitoria solar I y II proiektuak. Aipatzekoa da, Solaria, Blackrock putre funtsek gidaturiko enpresa dela. Argi dago, beraz, zein den EAJ-PSEE koalizioaren trantsizio energetikoaren ideia: orain arteko logikari jarraituz negozio bide berriak ustiatzen jarraitzea.
Baina, argi ibili beharra daukagu eredu horren aurrean bere burua alternatiba gisa aurkezten duen EH Bildurekin.
Hasteko, garrantzitsua da gogoraraztea hiru alderdi politikoen babesarekin onartu berri dela “Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legea”. Horrek hiru alderdi politikoek trantsizio energetikoaren auzian duten antzekotasuna agerian uzten du. Norabide honetan sakonduz, EH Bilduk orain arte defendatu duen enpresa eredua aztertuko dugu jarraian, Statkraft enpresa zehazki.
Statkraft eta Equinor energia arloko Norvegiako enpresa publikoak dira. Bi enpresa hauek garrantzia handia dute Europa mailan. Equinor Europan kontsumitzen den gasaren %20ren hornitzailea da eta hidrokarburoen offshore ustiaketan mundu mailako enpresarik handiena. StatoilHydro izenpean egiten du lan gaur egun. Statkraft enpresa, berriz, Europako energia berriztagarrien ekoizle handiena da, fiordoetan
ezarri dituzten presa hidroelektrikoen bitartez ekoizten du elektrizitate gehiena. Horrez gain, mundu osoko hogei herrialdetara zabalduta dago.
Statkraften defentsa egin asmo dutenek, enpresa publiko izatearen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriz. Baina gorago EEErekin ikusi dugun moduan publiko izateak ez du esan nahi herritarron interesak defendatzeko asmoa dutenik. Horren adibide garbiak dira Sami komunitatean, Txileko Litueche komunan edota Galizan emandako gertakariak.
Norvegia iparraldean 152 eolikoz osatutako parke eoliko erraldoi bat ezarri zuten, eta horren aurrean Sami komunitateak oposizio argia erakutsi zuen, mobilizazio, ekintza eta abarren bidez. Ibilbide luze horretan, bide judiziala ere jarri zuten martxan eta azken instantzian arrazoia eman zieten; baina, gaur gaurkoz, proiektua martxan dago eta elektrizitatea ekoizten ari da. Adibide horrek argi erakusten digu Statkraftek duen balizko kode etiko hori hitzontzikeria besterik ez dela, bere interesak zalantzan ikusi zituen unean irabazi ekonomikoa lehenetsi baitzuen bertako biztanleen interesen aurrean. Bide beretik doa Norvegiar estatuaren jokabidea ere. Izan ere, hau proiektuaren defentsan atera zen, atzera egiteak etorkizuneko inbertsioak oztopatu ote zitzakeen beldur. Credit Suiss, esaterako, parke erraldoi horren parte zen, zaindu beharreko inbertitzailea.
Txileko gertakariak ere antzeko bidetik doaz, eoliko erraldoiek aterako zuten zaratak inguruko biztanleen gain sortu zitzakeen osasun arazoen ondorioz, bertan behera gelditu ziren proiektuak, baina Statkraft ez zegoen ados eta honela zioen: “Hiru parkeen eraikuntzari dagokionez (%90etik gorako aurrerapena dute, eta, beraz, azken eraikuntza fasean dago), enpresak eskura dituen tresna guztiak erabiliko ditu hau aurrera eramateko, herrialdeak helburu gisa jarri duen trantsizio energetikoan pausu oso garrantzitsua baita proiektu hau”.
Galizian 2021. urtean mobilizazio jendetsuak izan ziren Statkraftek estatu mailan egin nahi duen lurreko proiektu handienaren aurrean. Proposatutako proiektu guztien artean 400Mw ezartzeko asmoa du enpresak. Ingurunearen aberastasun natural, arkeologikoak eta herritarren desadostasunak, momentuz, ez dute lortu proiektua bertan behera uztea, nahiz eta orain dela gutxi jakin dugun Trantsizio Energetikoaren Ministerioak behin behineko geldialdi eskatu duela hauetako proiektu batzuentzat.
Bestalde, datuei erreparatzen badiegu,
Norvegiar estatuaren esportazioen %40 hidrokarburoen salmentan oinarritzen da, eta argi esan dute datozen urteetan oraindik esploratu gabe dagoen gas eta petrolioa aurkitzen jarraituko dutela Artikoan
Statkraft enpresak 2023ko ekitaldian inoizko irabazi handienak izan ditu: 2.300 milioi eurokoak
Statkraftek Enerfin (1.800 milioi) eta Solarcentury (130 milioi) erosi ditu
Garrantzitsua da aipatzea, EH Bilduk beste modu bateko enpresa eredu gisa saldu nahi duen Statkraft enpresak, eta zehatzago esanda Norvegiar gobernuak, Iberdrolarekin duen lotura zuzena. Iberdrolako hiru akzionista esanguratsuenen artean dago ”Norgest Bank Investment Management” Norvegiar estatuaren pentsio funtsa, “Qatar” eta “Blackrock”ekin batera. Bestalde, Statkraft eta Iberdrola elkarlanean ari dira Polonian aurrera eramaten ari diren proiektu batean.
Hori guztia ikusirik, argi gelditu da Statkraft eta Norvegiako gobernua, tokian tokiko herritarren interesen aurrean eta horren beharrezko dugun trantsizio energetikoaren aurrean, hazkunde ekonomikoa lehenesten ari direla. Ondorioz, EH Bilduk energia trantsiziorako duen proposamenak alternatibotik ez du ezer. Eredu ekonomiko berean kudeatzaile izan nahi duenak eginiko proposamena da, besterik ez.
Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurrari aurre egiteko, apirilaren 13an Azpeitian egingo dugun manifestaziora batzeko deia egiten dugu. Animatu eta parte hartu!