top of page

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren kronika

  • EH Bizirik
  • Mar 14, 2024
  • 3 min read

Updated: 4 days ago

2023ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBBen LPS)  jendaurrean jartzea agindu zuen, EHAAn 2023ko maiatzaren 10ean argitaratutako agindu baten bidez.  Alegazioak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 21ean amaitu zen, epe hori luzatzeko eskaera ukatu egin  baitzuen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak. Gauzak horrela, informazio  publikoaren aldia udal-hauteskundeekin batera igaro zen, eta horrek eragin nabarmena izan zuen  herritarren eta erakundeen partaidetza-prozesuan, hauteskundeak egin bitartean udalak funtziorik gabe  gelditu eta epea laburtu baitzitzaien.


Energia berriztagarrien LPSaren egokitasunaren justifikazioa funtsezko sei printzipio kontuan hartuta  egin behar zen: EAEko energia elektrikoaren beharren benetako kuantifikazioa, energia elektrikoa  lortzeko prozesuen dibertsifikazioa, energia berriztagarriak sortzeko eredu zentralizatuak ala  deszentralizatuak hautatzea, Lurralde Antolamenduaren ikuspegitik kokaleku egokienak aukeratzea, eta  plana egiterakoan gardentasuna eta herritarren parte-hartzea nahiz tokiko erakundeen subiranotasuna  errespetatzea.


Jakina da EAE bere lurraldetik kanpo sortzen diren energia-iturrien mende dagoela erabat; horregatik,  beharrezkoa da kontsumoa murrizteko eta energia-kontsumo txikiagoa eskatzen duten jarduerei  pizgarriak emateko politika ezartzea. Hau da, energia-kontsumo txikiagoa dakarten produktuak sustatu  beharko lirateke merkatuan, materialen eskurapenetik hasi eta ekoizpen nahiz ondorengo banaketa  prozesuaren balio-kate osoa kontuan hartuta.


Alabaina, energia elektrikoaren beharrizanei buruzko eztabaidarik ez da eman: funtsean, etekin ekonomikoak metatzeko logika kapitalistari jarraiki, LPSak eskala handiko proiektuak ezartzeko balizko  kokapen ugari planteatzen ditu. Nazioarteko kapital-funtsek babestutako proiektu horiek, gainera, sare  elektrikoa nazioarte mailan energia garraiatzeko korridore handiekin lotzeko aldi berean bultzatzen ari  diren egitasmoekin batera heldu dira. Ondorioz, planaren estrategia ez dago inola ere tokiko hornidurara  zuzenduta, EAEn sortutako energia Europako beste kontsumo-gune batzuetara esportatzera eta  komertzializatzera bideratuta baizik. Sorkuntza-lurraldeak zinez 3.0 energia-koloniak bihurtzera darama  eredu horrek.


Energia berriztagarria sortzeko instalazio mota ezberdinak planifikatzeko tresna izan behar luke LPSak,  baina egungo proposamenak zentral eolikoak edo fotovoltaikoak lehenesten ditu batez ere,  autokontsumoaren eta sorkuntza deszentralizatuaren eta banatuaren kaltetan. Hori dela eta, ez da gai  gizarte-eragileen artean ahalik eta adostasunik handiena lortzeko, ezta lurralde-antolamenduaren arloko  irizpideetara egokitzeko ere. Hala, Lurralde Antolamenduaren Artezpideen (LAA) eta Euskal Autonomia  Erkidegoko 15 eremu funtzionaletako Lurralde Plan Partzialen hainbat zehaztapenekin talka egiten du. 


Izan ere, lurralde osoa ustiapen-baliabidetzat hartzen duen irizpide baten arabera idatzi da LPSaren  egungo proposamena. Planaren helburua da zentral eolikoak eta fotovoltaikoak sustatzen dituzten  enpresentzat energia sortzeko aukera ahalik eta errentagarriena eskaini dezaketen gune asko ezartzea, soilik ekonomiari dagokionez. Hartara, alde batera utzi dira mendietan zentral eolikoak bereizi gabe  eraiki ez daitezen Lurralde Antolamenduaren Artezpideetan ezartzen diren premisak. Halaber, planak  alde batera utzi ditu lurzoru urbanizaezinen erabileraren inguruan Nekazaritza eta Basogintzaren,  Itsasertzaren, Ibai eta Erreka Ertzen eta Hezeguneen Lurralde Arloko Planetan ezartzen diren  erregulazioak. Ildo honetan, nabarmenak dira indarrean dauden Eremu Funtzionaletako Lurralde Plan  Partzialekiko bateraezintasunak, bai eta Udalen plangintzetan lurzoruaren erabilera zehazten duten  arauen urraketak ere.


Kontraesan horiek energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren egungo proposamenaren  deuseztasun osoa edo partziala dakarte berekin, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak ezartzen  duenaren eta arau-hierarkiaren irizpidearen arabera.


2021ean izapidetzen hasi zen LPS hau adostasun sozialik txikiena ere izan gabe eta lehenbailehen  onartzeko xedeak argi eta garbi erakusten du plana interes pribatuen mende dagoela. Lurraldearen  antolamendua bere jatorritik ezaugarritu duten arauen espiritua aldatzen du horrek, gutxietsi egiten  baitu interes komunari zuzendutako planteamendua izan beharko lukeena, natura- eta landa-ingurunea  errespetatuz.


Zentral fotovoltaikoak eta eolikoak masiboki instalatzeak eragin handia du ingurumenean, eta paisaiari  eragindako kalteak ez ezik, azpiegitura horien eragipean diren jarduera eta gizarte-egitura ere behin  betiko eta atzera bueltarik gabe aldatzen ditu. Horregatik, plan hau birplanteatu egin behar da, eta  proposatutako ereduaren egokitasunari buruzko azterketa sakona egin behar da, batez ere interes  sozialari erantzuteko. Plan horrek dakartzan arriskuei dagokienez, kontrako txostenak egin dituzte foru aldundietako sail teknikoek, baina ez dira kontuan hartu. Era berean, beren eskumenen esparruan plan  horrek dakartzan legezkontrakotasun urbanistikoak salatu dituzten udalak ere utzi dira alde batera.  Kalteturiko udalek ez dute inolako erantzunik jaso.


Bereziki larria da tokiko erakundeek eta udalek energia berriztagarrien LPSaren idazketan parte hartu ez  izana, are gehiago landa-lurzoruan proposatzen diren zentral energetiko horiek udalerrietako hirigintza eta lurralde-arauekin bateraezinak direnean, eta kasu askotan eremu babestuei eragiten dietenean. Era berean, kezkagarria da zentral fotovoltaikoen kokapen ia guztiak interes estrategikoa duten balio  agrologiko handiko nekazal-lurretan aurreikusten direla.


Horri gehitu behar zaio interes gatazka nabarmena gertatzen ari dela, energia berriztagarrien LPSa  egiteko eskumena duen saileko titularra haren ingurumen-inpaktua ebaluatzen duen bera baita. Honi  dagokionean, planaren ingurumen-inpaktuari buruz ingurumen-organoak eman behar duen nahitaezko  ebazpena argitaratzeke dago, baina ingurumen-organo hori eta energiaren arloan diharduen industria organoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sail bereko Orcajo  jaunaren zuzendaritzapean daude bi-biak, eta hori ezohiko egoera irregularra da, noski.


Gaur egun, hainbat Udalek, Administrazio Batzordek, elkartek eta herritarrek energia berriztagarrien  LPSari 4.000 alegazio aurkeztu genizkionetik zazpi hilabete igaro direnean, oraindik ez dugu erantzunik  jaso Plan hau izapidetzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta  Ingurumen Sailetik.


Bitartean, eta EEBBen LPSa onartu gabe dagoela, zentral fotovoltaikoen eta eolikoen proiektuak EAEko  lurralde osoan zehar zabaltzen segitzen dute, nahiz eta hedapen horrek ez duen inolako balio juridikorik.  Ondorioz, arbitrariotasun nabarmena dago, zuzenbide-estatua degradatzen duena eta herritarren aurka  doana, landa-eremua eta ingurune naturala arriskuan jartzen baititu.


2024/03/14
bottom of page