top of page

Energia Berriztagarrien LPSaren alegazioen erantzunari buruz

Makineria instituzionalak, hauteskunde garaiek eragindako tentsio egoera jadanik atzean geratu denean, ohiko bidetik jarraitzen du, herritar guztion onerako lanean ari delako itxurak eginez. Horren adibidea dugu Eusko Jaurlaritzak berriki aurkeztu duen txostena, Energia Berriztagarrien Lurralde Planaren jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazio eta txostenei erantzuteko txostena, hain zuzen.


Itxura batean, parte-hartze prozesurako bideak errespetatu dituzte, mota horretako azpiegituren zabaltze neurrigabeak eragindako inpaktuagatik kezkatuta dauden entitate, elkarte eta herritarrek proposamenak aurkezteko aukera izan zezaten.


Hala ere, errealitatea bestelakoa da. Duela urtebete Planaren hasierako proposamenariaurkeztutako alegazio guztiei zehatz-mehatz erantzun dietelako irudia zabaldu nahi izan arren, ez da horrelakorik egin. Izan ere, 4.000 helegitetik gora aurkeztu ziren, izaera orokorreko zein partikularrekoak, norbanakoek eta instituzioek aurkeztuta, eta erantzunak soilik 181 izan dira, non kontuan hartu diren alderdi formalei aipamen egiten dietenak, baina ez dira aintzat hartu bateraezinezko alderdiak azaltzen dituztenak, dela natura eta ingurunea zaintzeari buruzkoak, dela lurraldearen orekari buruzkoak.


Eusko Jaurlaritzak berak aipatutako entzute aktiborako prozesua, berriz ere, iruzurra eta amarrua baino ez da izan, eztabaida eta parte-hartzea saihesteko diseinatutako mekanismoa. Gizarte osoari eragiten dion proiektuari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzeko baino gehiago merkataritza-sozietateei erantzuten dien prozesua izan baita.


Zentral energetikoen garapen masiboa justifikatzeko argudio instituzionalak industriaren ustezko beharrak ditu ardatz; izan ere, hazkunde ekonomikoaren logika nagusi batek bultzatuta, aurrera egin beharra azpimarratzen du atzean ez gelditzeko. Hala ere, logika horrek berak eraman gaitu gaur egun aurre egin behar diogun arazo globalera, eta horri aurre egiteko ikuspegi globala behar da. Ez da nahikoa Euskal Herriko mendi guztiak zentral eolikoz betetzea eta nekazaritza-lurrak plaka fotovoltaikoz estaltzea mundu mailako berotzea murrizteko.


Ingurumenaren egoerari aurre egin behar diogu, ezinbestez, eta kontuan hartu beharra dago gai poliedriko eta konplexua dela. Horrek politika eredu berritzaileagoak eta eusgarriagoak eskatzen ditu, zentral energetikoak ugaritzetik harago. Helburua bada epe luzerako neurri eraginkorrak hartzea, unean uneko premiak ahaztu gabe, hausnarketa sakona egin beharko dugu gure kontsumo energetikoaren ereduari buruz.


Premiazkoa eta atzeraezina da gure kontsumo orokorra, eta zehazki, energia kontsumoa murriztea. Funtsezko kontua da iraungarritasunerako estrategiaren ikuspuntutik, baina parlamentuan dauden ordezkari politikoek ez dute gaia seriotasunez eta beharrezko planifikazioarekin jorratu.


Energia Berriztagarrien Lurralde Arloko Planak (EEBBLAP) gaur egun jasotzen duen planteamenduaren oinarria, Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko Legean bezala, ekoiztutako energia berriztatzailea merkaturatzea da. Eredu horretan, azpiegituren sustatzaileak pribilegiozko egoeran daude eta erakundeekiko harreman estua dute, euren proiektuen bideragarritasuna bermatzeko. Testuinguru horretan, lurralde-antolamenduaren, ingurumenaren babesaren eta paisaia zein kultura-ondarea babestearen printzipioak baztertuta geratzen dira, irizpide ekonomiko hutsak lehenesten direlako.


Energia berriztagarria sortzea beharrezkoa izan daitekeen arren, benetako arazoa iturri horien azken hartzailea nor den zehaztea da. Erantzuna begi-bistakoa da, EEBBLAPk proposatutako azpiegituren eskala eta kokapena aztertzen denean: enpresa-sare baten etekin ekonomikoak maximizatzeko diseinatutako makroazpiegiturak dira, energia garraiatzeko lineen fabrikatzaile eta instalatzaileetatik hasi eta energia-enpresetaraino iristen den sarea.


Ingurumena babesteko eta eskubide sozialak bermatzeko, energia sortzeko eredua aldatzea behar-beharrezkoa da. Horretarako, eredu eusgarria eta bidezkoagoa behar dugu. Baina eredu aldaketa ez da gauzatzen, lehentasun ekonomiko eta politikoen eraldaketa ekarriko lukeelako, nahitaez. Jakina da, egungo klase politikoak nekez bultzatuko du norabide aldaketa hori. Areago, sekulako etekinak ateratzen dituzten energia sektoreko enpresa handiei zerga sistema egokiagoa ezartzeko neurriak ezbaian jarri edo zapuzten ditu klase politiko horrek.


Datozen aldaketen aurrean gizarte erresilienteagoa eraiki nahi badugu, ezin dugu azpiegitura horien garapena espekulatzaileen esku utzi. Euren helburuak ez datoz bat gure helburuekin, are gehiago, guztiz kontrakoak dira. Horientzat, hazkunde ekonomikoa lortzeko ezinbestekoa da ingurune naturala hondatzea, landa-inguruneetako bizimodua desnaturalizatzea eta gure mendekotasun energetikoa larriagotzea.


Ezinbestekoa da instalazio horien eskala, kokapena eta helburua birplanteatzea. Ikuspegi-aldaketa hori Energia Berriztagarrien Lurralde Arloko Planaren egungo proposamena baztertuz eta energia-enpresa handiek norabidea markatuko ez duten prozesu berri bat irekiz bakarrik egin ahal izango da. Guztien onura lehenesteko eta erabakiak gizarte osoaren parte-hartzearekin eta adostasunarekin hartzen direla bermatzeko garaia da.


2024/12/04
bottom of page