Gaur hemen elkartu gara, eusko legebiltzarrean onartu berri duten Trantsizio energetiko eta klima neutraltasunerako legearen fartsa salatzeko. Lege hau EAJ-PNV, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da, agerian utziz 3 partidu politiko hauek hazkunde ekonomikoa lehenetsi dutela klima larrialdiaren aurrean.
Lege honek, teorian deskarbonizazio prozesua aurrera eraman ahal izateko baldintzak sortzea du helburu, hau da behintzat alderdi politikoen ahotan dagoena. Baina arretaz irakurriz gero, nabarmena da zer den lege honek ezkutatzen duena: energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena ematea, modu honetan hazkuntza ekonomikoari bultzada handi bat emateko.
Berriztagarrien zabalpen hau aurrera eramateko orduan izango den desadostasun sozialaz jakitun, energiaren sozializazioaz mintzo dira behin eta berriz, bertako energia “garbi” eta “merkearen” propaganda eginez. Herritarrentzako izango den balizko %20 hori, berriztagarrien instalazioei ezarriko zaizkien zergak eta megabatioaren prezioa dira propaganda horren oinarri. Baina argi izan behar dugu hazkuntza ekonomikoa helburu duen lege bat izanik, enpresari handiak izango direla lege honen onuradun nagusiak. Berriztagarrien zabalpen masiboak eragingo duen kaltea izango da herritarroi iritsiko zaigun bakarra.
Bestalde esan beharra dago, lege hau ez dela berria. Lege honen oso antzekoak martxan daude jada Europako beste lurraldetan. Nafarroakoa adibidez, EAEn onartu berri duten legearen ia berdina da. Sustrai erakuntza fundazioak publiko egin dituen datuek argi diote, azken urteetan energia kontsumoak eta emisioak gora egin dute Nafarroa Garaian; nahiz eta bertan eman den berriztagarrien zabalpena oso handia izan, horrek ez du lurraldearen deskarbonizazioa ekarri, kontrara berriztagarrien zabalpen industrialak emisioak igotzea eragin du.
Beraz, argi dago instituzioetako politikarien apustua zein den, hazkuntza ekonomikoa bultzatzea. Egun bizi dugun klima larrialdia, biodibertsitate galera, itsasoen azidifikazioa, lurren kutsadura… bezalako auzi garrantzitsuak alde batera utzi dituzte, orain arte ezagutu dugun oreka naturala zalantzan jarriz. Honekin batera elikadura burujabetzara bidean Euskal Herriak dituen gabeziak gero eta nabarmenagoak dira baina arazo hauei konponbidea aurkitzen saiatu beharrean, Europak horren beharrezkoa duen hazkuntza ekonomikoan parte aktibo izatea lehenetsi dute EAEko alderdi politiko nagusiek.
Argi izan ezazue inposatu nahi diguzuen proiektu bakoitzaren aurrean izango gaituzuela!!
Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik!!