Apirilak 13ko manifestazioaren balorazioa
- EH Bizirik
- Apr 21, 2024
- 2 min read
Updated: 4 days ago
Apirilaren 13an burutu genuen manifestazioak argi erakusten du berriztagarrien zabalpen masiboak eta orokorrean landa eremuaren suntsipenaren aurrean, gizarteko estratu zabal baten desadostasuna erabatekoa dela. Horren adierazle da, manifestaziora etorritako jende kopuruaz gain, jasotako eragile ezberdinen atxikimenduen aniztasuna; nekazariak, abeltzainak, sindikatuak, mendi taldeak, eragile politiko eta sozialak etab. Indar bilketa honi esker pausu garrantzitsu bat ematea lortu da proiektu hauen inposaketari aurre egiterako orduan.
Agerikoa da makroproiektuen ezarpenaren inguruan ez dagoela kontsentsurik gure gizartean. Ulergaitza da askorentzat pairatzen ari garen ofentsiba industriala. Instituzioetako bulegoetako ahobatezko erabakiek eta alderdi ezberdinen artean eraiki den kontsentsuak ez dute herritarron pentsamendua ordezkatzen. Hortaz, behar beharrezkoa deritzogu maila honetako ingurumenaren eraldaketa baten aurrean, kalitatezko eztabaida soziala eman ahal izateko baldintzak sortzea.
Kezkaz ikusten dugu nola ekologismoaren bandera haizatu duten antolakunde asko modu akritikoan korporazio handiek bultzatutako eraldaketa energetikora batu diren. Are gehiago geroz eta argiago dagoenean Krisi klimatikoari aurre egiteko estrategia eraginkorrik ez dagoela egun mahai gainean. Ezin dezakegu sinetsi nola izan dezakeen ekologista deritzon antolakunde batek inguratzen duen eremu naturalarekiko hain begirune gutxi eta nola saldu dezakeen, lehenengoan, ekologismoaren bandera interes korporatibo eta instituzionalen mesedetan.
Enpresarien interesak defendatzen dituzten instituzio politiko eta eragileen proposamenari aurre egitea ezinbestekoa da. Horretan ari dira asko eta guk, Euskal Herria Biziriketik, borroka horrekin egiten dugu bat. Auzi ekologikoaren gaindipena eman ahal izateko posibilitatea hazkunde ekonomikoaren logikarekin haustetik etorriko dela ulertzen dugu. Ondorioz, enpresen mozkinak handitzea helburu duten proposamenen aurrean, lurraren defentsan indarrak batzeko hautua egin dugu. Burutu berri dugun manifestazioan joera honekin bat egiten dugun eragile eta norbanakoak elkartu gara, eta norabide honetan indarra badela erakustea lortu dugu. Makroproiektuak inposatzen saiatzen ari diren honetan aurrera pausu garrantzitsua benetan.
Norabide honetan ezinbestekoa ari da izaten eskualdez eskualde antolaturiko plataformetatik egiten ari den lan guztia. Euskal Herria Bizirik finean, talde hauetan borrokarako dagoen borondatearen emaitza da, indarrak batu eta lurraren defentsan konprometitu garenon emaitza. Baina mobilizazio hauek Euskal Herritik haratago doaz, hilabete honetan bertan, Galizia, Aragoi eta Kanarietan ere mobilizazioak gauzatzen ari baitira. Gure partetik Maiatzaren 26an egingo dugun mendi martxan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, Balmasedatik abiatu eta Kolitza mendira.
Denbora gutxian aurrerapauso handiak egin ditugu, baina jakitun gara hau borrokaren hasiera besterik ez dela. Beraz norabide honetan lan egin nahi duen pertsona oro gonbidatzen dugu parte hartzera.